4. HIZTEGIAREN BERBETA-EREMUA

Nortasun handiko berbetak dira gure eskualdekoak. Gau ilunean ere igartzen zaio Oñatiar, Leinztar, Bergarar edo Eibartar bati. Berbeta-doinua aditzea aski izaten da, eta gainera pentsaitten entzuten badiozu ziur dakizu oñatiarra dela, larue badio leinztarra, biargiña eibartarra, edo eguakitza bergararra edo antzuolarra.

Esan dugun bezala, Debagoiena eta Debabarreneko hegoaldea (Soraluze-Eibar) hartzen ditu hiztegi honek. Bonaparteren arabera, ekialdeko bizkaieraz, Gipuzkoako azpieuskalkian egiten duten herriak; Koldo Zuazoren1 sailkapena jarraitzen bada, berriz, mendebaldeko euskalkian mintzatzen den Gipuzkoako aldea. Ez ditugu aztertu gipuzkeraren ukitu handia duten eta tarteko hizkeratzat edo gipuzkeratzat jotzen diren Debabarreneko beste herriak: Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Deba. Bestalde, egilea Bergarako Ubera auzoko Artiz baserrian jaioa izanik, auzo horretan du ezinbestean hiztegiak epizentroa. Bergara da ondoen aztertu dugun gunea. Eibarkoa osatu ahal izateko nahi hainbat langai aurkitu dugu, gorago azaldu dugunez. Oñatin ere badira harrobi emankorrak. Leintz aldean, ostera, gutxiago, eta ahal bezala moldatu behar izan dugu.

Koldo Zuazok zehatz aztertu ditu gure eskualdeko euskararen ezaugarriak Deba Ibarreko Euskeria (Badihardugu 1999) liburuan. Gure ustez, lau berbeta-eskualde-edo nabarmendu daitezke gure eremuan.

1) Leintz-Aramaio: Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate eta Arabako Aramaio. 2) Oñati. Herri honetako euskara Leintzekotik hurbilago dago Bergarakotik baino, baina nortasun bereziaren jabe da. 3) Bergara aldea. Bergara eta Antzuola. 4) Eibar aldea: Eibar, Soraluze eta Elgeta.

Bergara oso zabala da lurraldez. 400 baserri inguru ditu eta auzo eta auzune mordoa. Hauetako batzuek, hurbiltasunagatik, Bergararekin baino harreman gehiago izan dute beti beste herri batzuekin. Esate baterako, Angiozarko Goimendik Arrasate du erosoago eta Zabaleta auzuneak Elgeta. Elosuk Azkoiti, Sagarerrekako Goimendik Eibar. Ez da harritzekoa, beraz, diferentzia nabarmenak egotea udalerriko mugen barruan ere. Herriaren geografiari eta berbeta-moduei begirada txiki bat botako diegu.

4.1.- Bergara erdialdea

{irudi:983}4.1.1. Bergarako kalea. Kaleak, normala denez, erdararen presio handiagoa izan du eta igartzen da euskararen kalitatean. Baina kontua ez da atzo goizekoa. Zera idazten du Jerardo Elortzak2: “Nolanahi ere, Gipuzkoako beste herri batzuetan baino erdara gehiago entzuten omen zen Bergaran. Horrela diosku behinik behin, W. Humboldt-ek 1800 inguruan, Euskal Herrian egin zuen bidaiaren albisteak ematean: Bergaran espainiera asko egiten dute, baita herriko jendeak ere. Horrelako baieztapen borobila botatzeko, jakitekoa litzateke nortzuekin jarri zen harremanetan jakintsu prusiarra. Dena den, hor dugu datua eta kontuan hartzekoa da.”

Gaurkora itzuliz, esan beharra dago ez dela harrigarria euskaraz ez dakiten laurogei urtetik gorako bergarar petoak aurkitzea, abizen euskaldun ozenekoak, ez pentsa. Bergarako aberaskillo eta jauntxoen artean euskaraz ez jakiteak halako kategorixa bat eman izan du, itxuria, sasoi baten.

{irudi:982}Auzoetako jendearen ustez euskara txarra egiten da kalean: “kale-euskeria”, “Masterrekako euskeria”, “txotxo-berba konpletua” eta gisa honetako gutxiespenak entzun ditugu zenbait baserritarren ahotan, injustu samarrak dudarik gabe, euskara zoragarria egiten duen kaletar asko baitago Bergaran. Gipuzkeraren eragina ere handiagoa izan da kalean. Elizan gipuzkera erabili izan da eta handikien artean ere euskalki hau izan da prestigioko hizketa. Zera idazten dio 1859an Aita Uriarte3 bizkaitarrak Bonaparte printzeari: “Sucede en todas estas poblaciones (Mutriku, Deba, Mendaro, Altzola, Elgoibar, Eibar, Plazentzia, Bergara, Antzuola eta Oñati aipatu ditu lehenago) que mirán con desdén el vascuence de Vizcaya y son muy apasionados del dialecto de Beterri: los sermones y pláticas se predican en ese dialecto de Beterri, y muchísimas personas hacen estudio de ese dialecto, por cuyo motivo hacen una mezcla; pero todavía no han podido gipuzcoanizar al pueblo.”

Mendearen lehen parteko abertzaletasunak ere izan du bere eragintxoa. Badira dozena bat hitz zirkulu eta familia nazionalistetan nagusitu zirenak eta familia horiek nolabait markatzen zituztenak: aittaitta, amama, galdetu, erantzun, abestu, akeita, agur... Garaia ezagutu ez zutenek nekez sinistuko dute Francoren denboran kontuz ibili behar zela kalean agur esaten, nazionalista arriskutsuaren fama eta zama leporatu nahi ez bazen behintzat.

{irudi:984}Esanak esan, kanpo indar hauek ez dute beste munduko eraginik izan kaleko berbetaren ezaugarrietan. Hori bai, euskara pobreagoa, nahastuagoa eta higatuagoa da kalekoa, nahiz eta, lehen esan dugun bezala, ez den ahaztu behar badirela hiztun apartak betiko kaletarren artean.

4.1.2. Bergarako kaletik gertuko auzoak: Goiauzo, Aldaiegia, San Juan, Basalgo, San Blas,  Aranerreka, Aritzeta, Elorregi, Uberako parte txiki bat... Antzuolako euskara ere oso antzekoa da.

Kaleak, inguruko auzoek eta Antzuolak osatzen dute hiztegi honen erdiko gunea. Gure lekuko oparoenak ere eremu honetakoak dira. Artiz –egilearen jaiotetxea– ere bai, nahiz eta ertz-ertzekoa.

4.2. Bergara iparraldea

Osintxu eta Elosuko Nordeauzoa (Norde Bazterra ere deitua). Osintxun oso euskara arkaikoa egiten zuten lekukoen grabazioak aztertzeko aukera izan dugu. Nordeauzoak badu gipuzkeraren eragin nabarmena, muga-mugan dago-eta, baina funtsean bizkaiera egiten da, Osintxu-Bergarakoaren antzekoa. Elosuko Elizaldean, berriz, (Ujoldia ere deitua), eta Aizpurutxon (baserri batzuk Bergarako udalerrikoak dira, besteak Azkoitikoak), gipuzkeraz hitz egiten dela esan daiteke. Auzo honetan bostehun metroren barruan dagoen aldea nabarmena da. Edozein modutan, tarteko hizkeratzat har daiteke Elosukoa.

4.3 Bergara mendebaldea

Ubera eta Angiozar. 1928an Elgetako bi auzo hauek –bien artean Elgetak baino biztanle gehiago zuten– Bergarara pasatu ziren. Mapan markatu dugunez, lexiko muga nabarmena dago Ubera-Angiozar eta gainontzekoaren artean. Azkeneko urteetan hau ere ezabatuz doa, beste gauza asko bezala. Bergarak bi auzune ditu Goimendi izenekoak. Angiozarko Goimendik Arrasaterako joera handia du eta berbetak ere badu hango ikutua. Basalgoko Goimendik, ostera, Eibar eta Soraluzerekin du harremana, eta hizkera ere berdintsua du.

Banaketa geografikoaz gain, badira beste eragile batzuk. Adina lehena, zalantzarik gabe. Adin handiko askok itxi eta eban esaten du. Baina gaur egun laga eta zeban besterik ez dira ia entzuten. Ia mundu guztiak –ua eta –ia erabiltzen duenean, auzoetako zenbait adinekok -ue eta –ie dio oraindik: etxien, munduen, beintzet, bieko, duket, ugezaba, Julien..., batez ere 400 metrotik gorako alturan jaiotakoek. Sakonago aztertu beharko litzateke hau, baina altitudea ere izan daiteke beste aldagai bat, ibarraren eraginetik urrun egon izanagatik.