1. HIZTEGIAREN EDUKIA
Bergara aldeko hiztegia jarri diogu titulua liburuari, eta Leintz-Aramaio, Oñati eta Eibar inguruko berbekin osotuta azpititulua, azpititulu luzea. Bergara-Antzuola aldeko hiztegia egitea zen gure hasierako asmoa, eta eremu honetako berbak sartu genituen ia soilik doktoretza tesitzat 1996an aurkeztu genuen lanean, baina gero iruditu zitzaigun merezi zuela eskualde osoa aintzat hartu eta Gatzagatik Eibar artekoak ere sartzea. Debagoiena esaten zaion eskualdekoak eta Debabarreneko Soraluze eta Eibarkoak, Deba Ibarreko bizkaieraren eremu osokoak, alegia.
Esaten diren berba guztiak dute lekua hiztegian, ez bakarrik bitxiak edo berezitasunen bat dutenak. Berbabatzaileak “berba guztiak” saskiratu nahi izaten ditu, arrantzaleak arrain guztiak edo ehiztariak hegazti guztiak bezala, baina laster konturatzen da ezinezkoa dela, hitz eta esapide asko haitz edo sasi artean ezkutatzen direlako inguruan norbait sumatutakoan. Arrantzale danagurakoa izan ohi da hiztegigilea, sarea zuloz beteta duena, ehiztari afantsua, eskopeta kanoi-okerraz dabilena.
Arkeologoaren antza ere badu herri-hiztegigileak. Azterka-azterka, adinekoen memoria zokoetan galdutako hizkuntza pusketak ere aurkitzen ditu, eta gero hor ibiltzen da zatiak elkarri itsatsi ezinik, zer diren eta zertarako erabiltzen ziren asmazinotan.
“Bertakotzat” ditugun eta jendearen ahotan –edo oroimenean gutxienez– bizirik dauden hitz guztiek dute lekua hiztegi honetan. Bertakoak diogunean zera esan nahi dugu: igande edo zalantza, adibidez, ez direla sartu, nahiz eta jende gehienak ulertu, badakigulako hitz horiek behealdekoak direla eta eskualde honetan domeka eta duda esaten direla. Igel eta nazka ere kanpoan geratu dira, nahiz eta gaurko haur eta gazte gehienek erabili, hemengoak diren ugarixo (txantxiku Oñatin) eta iguin-en lekuan. Eskola eta komunikabideen bidez bertakotu berri diren berba gehienak ez ditugu sartu, salbuespenak salbuespen. Eta “guztiak” sartu ditugula diogunean ere argibideak eman behar dira: zentzunak hala aginduta, ordenadore, estatuto, menu edo dutxa ez dituzu hemen aurkituko, nahiz eta jendeak takian-potian erabili.
Herritar bat baino gehiago hasiko da hiztegia zabaltzeaz bat “hau ez da gure herrian esaten” esaka. Baina zuhurragoa da “gure etxean” esatea. Edo “ez dut sekula entzun”, edo “uste dut ez dudala entzun”. Ezusteko handiak gertatzen dira. Belarria oso selektiboa da eta askotan gure guraso edo ingurukoek bizi guztian esan dutena “ezentzun” egiten dugu.
Adineko jendearen euskara jaso dugu gehienbat, eta baserritarrena gehiago kaletarrena baino. Esan beharra dago datu guztiak egiaztatzen ahalegindu garela, ez garela fidatu uste eta omenekin. Datuak liburuetatik jaso ditugunean ere saiatu gara zalantzak hurbileko adituren batekin argitzen. Hala ere, gauza dezente geratu zaigu argitu gabe; gaizki jasoak edo txarto ulertuak ere ez dira gutxi izango. Ea erabiltzaileen laguntzaz zuzentzen eta osatzen dugun hiztegi hau eta hurrengo edizioa askoz hobea den.
Horrelako hiztegiek badute halako museo kutsu bat. Hemen agertzen diren hitzen herena-edo erdi galduta dagoela esan daiteke, hiztun gutxi batzuen ahotan edo akorduan bizi direla bakarrik. Lanbide zaharren inguruko ia guztia, adibidez, lanbidearekin batera joan da. Gurdiak edo goldeak, esate baterako, dozenaka pieza ditu, bakoitza bere izenarekin. Lanabes horiek museoetan bakarrik ikusi ahal izango ditugu hemendik aurrera eta horiei buruzko hitzak, berriz, honelako lanetan. Baina hitz asko birziklatu daiteke eta tresna modernoen atalak izendatzeko erabili. Beste hitz asko beste arrazoi batzuengatik galdu da. Lehengo eta oraingo animaliak eta landareak ia berberak dira. Azkonarra, satanderia, katajinetia, lepazurixa eta beste hainbat piztixa betidanik bizi izan dira gure basoetan. Antzeko zerbait esan daiteke eguraldiaren gorabeherez ere. Edur-kisixa, edur-pikorra, bisutsa, edur-ura, edur-lapratxa… bereizten ditu jende askok, eta euri klaseak ere berdin. Honelako lanek lagun dezakete gauzak hobeto ezagutzen, izena duen guztiak izana du eta. Adjektiboetan ere galera ikaragarria izan da. Bostehun bat despektibo egongo dira hiztegian, erdiak baino gehiago gutxi entzuten direnak.
Garbi geratuko zen honezkero hiztegi honek ez duela museo bokaziorik. Berba askori hautsa edo herdoila kendu beharko zaio lehengo distira zaharra edo beste berri bat berreskuratzeko. Beste askori erretiroa eman beharko zaio, baina eskertuko dute irakurlearen noizean behingo bisita. Izan ere ahanzturaren eta heriotzaren aurkako oihu ere badira horrelako lanak, atzoko zuhaitzak eman zuelako gaurkoaren hazia, eta ezin delako soka eten basamortua nagusitzen ikusi nahi ez bada.