Agurra

Inoiz Bergaran sortu den libururik mardulena izango da, beharbada, esku artean duzun hau, irakurle. Baina liburu hau ez da bakarrik mardula sendoeraz eta kanpo-itxuraz. Barruko mamina du, batez ere, ederra.

Herriko euskara jaso eta zabaltzeko egiten dihardugun bidearen barruan, urrats sendoa izango da, duda barik, hiztegi hau herritarren eskuetan jartzea.

Gure udalak joan zen urtean onartu zuen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia eta han lehentasun handienekotzat jo zen euskararen transmisioa bermatu eta sendotzea. Gaur egun Bergarako Udalak hainbat programa ditu ikastetxe, euskaltegi, euskara-elkarte eta abarrekin batera herriko ume, gazte zein helduen euskara hobetu eta aberastera bideratuak. Seguru nago esku artean dugun hiztegi eder hau lan horretan lagungarri bikaina izango dela.

Ez nuke aipatu barik laga nahi hiztegi honen berezitasun garrantzitsu bat: Bergaran sortua baina inguruko herrietako berbekin aberastua izatea. Herri horietako guztiei ere eskaintzen diegu lan hau.

Amaitzeko, udalaren izenean, eskerrik zintzoena agertu nahi diet Juan Martin Elexpururi eta hiztegian parte hartu duten guztiei eta aurrerantzean ere bide beretik jarrai dezaten animatu nahi ditut. Uste dut Bergaran euskararen normalizazioan lan handia egin dugula baina, duda barik, oraindik ere zer egin asko daukagu. Eta eginkizun horretan geure berbeta izan behar dugu oinarri.

Vitoriano Gallastegi
Bergarako alkatea